jueves, 9 de noviembre de 2017

BOST MINUTUKO IKASTAROA
Euskararen Erabilera Sustatzeko Plana
Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskara hobetzen

1.      -tzean, -tzerakoan, -takoan

Sarritan gaizki erabiltzen ditugu atzizki hauek, eta ez dakigu bereizten  “Atea zabaltzerakoan ikusi dut eta atea zabaltzeanikusi dut”.
Ea adibide honekin betiko ikasten dugun bereizten:
Atea zabalTZERAKOAN ikusi dut . Zabaltzera joan denean (aurretik).
Atea zabalTZEAN ikusi dut. Zabaldu duen momentuan (aldi berean).
Atea zabalduTAKOAN ikusi dut. Zabaldu ondoren.
Ariketa. Bikote bakoitzetik esaldi bat aukeratu behar dugu:
1.    Ama etortzean hasiko gara bazkaltzen
2.    Ama etortzerakoan hasiko gara bazkaltzen.
3.    Txiletik itzultzean, albiste onak ekarri zituen.
4.    Txiletik itzultzerakoan, albiste onak ekarri zituen.
5.    Jendaurrean hitz egitean, ozen eta garbi ahoskatu behar dira hitzak.
6.    Jendaurrean hitz egiterakoan, ozen eta garbi ahoskatu behar dira hitzak.

Erantzun zuzenak:  1, 3, 5.

Bertsoa


Bakarkakoan aho zabalik utzi zituen ditu entzuleak atzo Irunen Maialen Lujanbiok, «gizona eta andrea» denaren azaletik kantatuta:

«Dena ondo zihoan, argia piztu den arte», zen gaia kartzelakoan. Parrandan ibili ostean, beste pertsona batekin haren etxera joan eta biluzi egin zen aurreneko bertsoan Lujanbio, «nere gerrira begira zaude/ ez naiz uste zenduena» amaituz. Bigarrenean are gehiago deskribatu zuen ordura artekoa, eta amaieran kontatu zuen argia piztutakoan zergatik okertu zen egoera: «eta hau ta hura naiz, hartzen ari naiz/ zenbait botika hormona/ gizona eta andrea nauzu/ ez andrea ez gizona/ nere inon ez egon nahia ote/ da zure ezinegona?».

Hirugarren bertsoan, berriz, borobiltzen asmatu zuen:

Gizarte honen estereotipo

ta gizarte honen usteen

tranpan zu ari zara erortzen

eta hori ez dizut uzten

zuk badakizu nola zizelka

eta marraztu gaituzten

ze inporta du gaur ari banaiz

zure aurrean biluzten

eta nerori ni neu naizena

hori bakarrik gorpuzten

nere gerripe zintzilikako

desira ari da puzten

itzali zazu argia eta

utzi gorputzari pizten


 








               



miércoles, 4 de octubre de 2017

GURASOENTZAT HITZALDIA , URRIAK 19



Euskaraz  ikastetik euskara  bizitzera


Gure seme- alabek euskaraz ikasten dute, baina HORI NAHIKOA AL DA? Zergatik jotzen dute gure seme-alabek gaztelaniara lagunartean daudenean? Nola lagundu eskolaz kanpo euskara asko erabil dezaten? Euskarazko harremanak eta bizipenak izatea 
nahi badugu, zer zaindu dezakegu? 

ELEBIDUNAK izatera iritsiko dira?  

Euskara, ingelesa eta gaztelania ikasiko 

dituzte?



Hitzaldi honetan eskolarentzat eta guraso askorentzat benetan

 garrantzitsua den gai bat landu nahi dugu: haurren eta 

gazteen euskararen erabilera. Hainbat oinarri   eta aholku

 proposatuko dira modu atsegin batean.


ORDUA:      17:30 

EGUNA:      URRIAK 19

                 LEKUA:     DOMINGO AGIRREKO ARETOA


HIZLARIA: Iñaki Eizmendi Arsuaga. Gizarte hezitzailea




ANIMATU ZAITEZTE ETA ETORRI 

HITZALDIRA!!!!!








jueves, 15 de junio de 2017

BOST MINUTUKO IKASTAROA




Gramatika
SENTIPENAK
Gaur aztertuko dugu sentipenak nola adierazi:
GOSE NAIZ
Euskaraz, sentipenak adierazteko, IZAN aditza erabili ohi da. Hona hemen esapiderik ohikoenak:
Gose izan
Egarri izan
Hotz izan
Bero izan
Beldur izan
Lotsa izan
Ohar zaitez IZAN aditzarekin doan hitza mugagabean doala, hau da, artikulurik gabe. Ikus dezagun zenbait adibide:
Gose naiz, goazen zeozer jatera.
Umeak egarri dira.
Beldur bazara, ez etorri.
HOTZAK NAGO
Badago sentipenak adierazteko beste forma bat: sentipena adierazten duen hitzak NORK kasuaren singularreko marka hartzen du eta EGON aditzaz erabiltzen da.
Itxi leihoa, hotzak nago eta
Beroak zaude, ala? Bai, izerditan nago
Hotzak hilda nago
LOGURA NAIZ
Zenbait sentipen adierazteko –gura atzizkiaren bitartez eratutako hitzez baliatzen gara.
Logura (ohera noa, logura naiz eta)
Txizagura (Non dago komuna? Txizagura naiz eta)
Azkura (Jertse honek azkura ematen dit)
Barregura (Horrek barregura ematen dit)
Negargura (A ze tristura! Negargura naiz!)
Ikusgura (esan didate oso pelikula ona dela eta ikusgura naiz)
Zenbait lekutan –gura atzizkiaren ordez –gale atzizkiaz baliatzen dira. Adibidez: Logale, botagale, goragale…
Bestalde, premiatasuna adierazi nahi denean, -larri atzizkia erabiltzen da:txizalarri…
BURUKO MINA DAUKAT
Egitura hau mina adierazteko erabiltzen da eta dagokion gorputz-atala NONGO kasuan deklinatu eta jarraian mina jarriz eratzen da. Euskalkien arabera EDUKI ala UKAN aditzarekin erabiltzen da.
Non daukazu mina?
Nongo mina daukazu?
Tripako mina daukat
Begietako mina daukat
Ez nago ezertarako, buruko minez nago
Min hartu dut eskuan
Kontuz! Min hartuko duzu!


Poesia

Miraria gauzatu da berriro:
ezin ederragoak dira
etxeko leihoetatik ikusten diren
zuhaitz loratu berriak
eta garrantzi handikoak
poesia baino
askoz garrantzitsuagoak noski
esan ala ez esan
idatzi ala ez idatzi
halaxe da eta esanda dago guztia

pozik nago udaberria heldu delako
eta besterik ez
kontsolamendu handia baita
ulertu nahi ez duenarentzat
ulertu ahal duenarentzat
ulertzeko beharra duenarentzat
eta hitz hauek ez dute inporta
lore zuriak, lore zuriak...

Argia, Lurra, zuhaitza, zerua
Jon Gerediaga




miércoles, 14 de junio de 2017




OSO INTERESGARRIA!!!

NIK MUGIKORRA EUSKARAZ DAUKAT, ETA ZUK?.

Lehen hitza, ohiko galderak

‘Interneten ere, lehen hitza euskaraz’ proiektua ez da oharkabean pasa. Abiarazte honetan, aste bakarrean 9.000 lagunek deskargatu dute mugikorra euskaratzen laguntzen duen aplikazioa, 1.000 lagunek euskaratu dute nabigazio-hizkuntza eta 60tik gora webgunek egin dute egitasmoarekin bat.
Twitter eta posta-elektroniko bidez jasotako galderak ere asko izan dira eta gehien errepikatzen diren horiek ekarri nahi nituzke hona

Zergatik, lehen hitza?

Mugikorraren eta nabigazio-hizkuntza ez dira eremu pribatuak: bisitatzen dituzun webguneek, deskargatzen dituzun aplikazioek eta hauen atzean dauden pertsonek badakite zein hizkuntzatan dauzkazun zure gailuak, guzti-guztiek. Eta, datu horietan oinarrituta eta eskari-eskaintzaren logikari jarraituta hartzen dituzte erabakiak.

Webgune askok erabiltzailearen nabigazio-hizkuntzan erakusten dute edukia. Euskal Herriko erabiltzaileen %3k dauka nabigazio-hizkuntza euskara. Ez da nahikoa merkatu handia euskarazko edukiak sortzeko.
Androiden, esate baterako, mugikorraren hizkuntza berean konfiguratzen dira aplikazio asko. Mugikorrik ez badago euskaraz garatzaileek aplikazioak euskaratzeak ez du zentzurik.
Webguneek ere badute ardura. Eta, erabaki dezakete, aurrez aurreko harremanetan bezala, haien webguneek lehen hitza euskaraz egitea. Hau da, defektuz, lehen orria euskaraz ematea.

Ez dakit euskaraz daukadan

Zure nabigazio-hizkuntza aukerak ezarpenetan begiratu daitezke. Zure lehentasunen ordena adierazten dute, zein hizkuntzatan nahiago duzun edukia. Errazago? Kik bakarrean jakin dezakezu! https://www.lehenhitza.eus/aukera 

Euskaraz jarri nahi dut, nola?

Nabigatzailearen zein mugikorraren hizkuntza aukerak zehaztu ditzakezu ezarpenetan?
Errazago?
Ordenagailua: Zoaz lehenhitza.eus-en konfiguratu atalera eta aukeratu zure nabigatzailea. Eta, eginda!
Mugikorrean: Jaitsi Androidera Lehen Hitza aplikazioa.

Plugina instalatu dut baina menuak gaztelaniaz jarraitzen dute

Plugina instalatuta nabigazio-hizkuntza aldatzen da eta ez nabigatzailearen hizkuntza. Aldatzen da ematen dugun informazioa eta ez menuak. Nabigazio-hizkuntza izan daiteke ez ebidentea erabiltzailearentzat, baina webgune batera sartzen zarenean informazio hori ematen du eta horren arabera erakusten dizu edukia. Nabigatzailearen hizkuntza, menuen hizkuntza da.

Iphone euskaraz ipini daiteke?

Aplikazioak euskara onartzen duten mugikorrak euskaratzen ditu. Applen mugikorrek ez dute euskararik onartzen, horregatik ez da berariazko aplikaziorik garatu.

LehenHitza aplikazioarekin aplikazio asko ingelesez ditut

Aplikazio gehienek mugikorraren hizkuntza hartzen dute aintzat. Hau da, mugikorra gaztelaniaz badaukat Twitter ere gaztelaniaz agertuko zait. Mugikorra euskaratzen badut eta Twitterren aplikazioa ez badago euskaraz litekeena da defektuz ingelesera jotzea. Horregatik, euskaraz ez dauden aplikazioak ingelesez daude orain.
Hori horrela, eta aplikazioak euskaraz nahi baditugu, garrantzitsua da mugikorrak euskaraz izatea: zenbat eta mugikor gehiago euskaraz aukera gehiago aplikazioen garatzaileek euskara aintzat hartu dezaten. Mugikorrik ez badago euskaraz garatzaileek aplikazioak euskaratzeak ez du zentzurik.

Aplikazioa ireki dut eta nire mugikorra ezin da euskaraz jarri

Aplikazioak euskara onartzen duten mugikorrak euskaratzen ditu. Android badago euskaraz, baina mugikor-etxeek erabakitzen dute hizkuntza-pakete horiek txertatu ala ez. Gertatu daiteke marka bereko mugikor modelo bat euskaraz egotea eta beste bat ez. Mugikorra erosterako orduan aintzat hartzeko irizpidea da.