jueves, 15 de junio de 2017

BOST MINUTUKO IKASTAROA




Gramatika
SENTIPENAK
Gaur aztertuko dugu sentipenak nola adierazi:
GOSE NAIZ
Euskaraz, sentipenak adierazteko, IZAN aditza erabili ohi da. Hona hemen esapiderik ohikoenak:
Gose izan
Egarri izan
Hotz izan
Bero izan
Beldur izan
Lotsa izan
Ohar zaitez IZAN aditzarekin doan hitza mugagabean doala, hau da, artikulurik gabe. Ikus dezagun zenbait adibide:
Gose naiz, goazen zeozer jatera.
Umeak egarri dira.
Beldur bazara, ez etorri.
HOTZAK NAGO
Badago sentipenak adierazteko beste forma bat: sentipena adierazten duen hitzak NORK kasuaren singularreko marka hartzen du eta EGON aditzaz erabiltzen da.
Itxi leihoa, hotzak nago eta
Beroak zaude, ala? Bai, izerditan nago
Hotzak hilda nago
LOGURA NAIZ
Zenbait sentipen adierazteko –gura atzizkiaren bitartez eratutako hitzez baliatzen gara.
Logura (ohera noa, logura naiz eta)
Txizagura (Non dago komuna? Txizagura naiz eta)
Azkura (Jertse honek azkura ematen dit)
Barregura (Horrek barregura ematen dit)
Negargura (A ze tristura! Negargura naiz!)
Ikusgura (esan didate oso pelikula ona dela eta ikusgura naiz)
Zenbait lekutan –gura atzizkiaren ordez –gale atzizkiaz baliatzen dira. Adibidez: Logale, botagale, goragale…
Bestalde, premiatasuna adierazi nahi denean, -larri atzizkia erabiltzen da:txizalarri
BURUKO MINA DAUKAT
Egitura hau mina adierazteko erabiltzen da eta dagokion gorputz-atala NONGO kasuan deklinatu eta jarraian mina jarriz eratzen da. Euskalkien arabera EDUKI ala UKAN aditzarekin erabiltzen da.
Non daukazu mina?
Nongo mina daukazu?
Tripako mina daukat
Begietako mina daukat
Ez nago ezertarako, buruko minez nago
Min hartu dut eskuan
Kontuz! Min hartuko duzu!


Poesia

Miraria gauzatu da berriro:
ezin ederragoak dira
etxeko leihoetatik ikusten diren
zuhaitz loratu berriak
eta garrantzi handikoak
poesia baino
askoz garrantzitsuagoak noski
esan ala ez esan
idatzi ala ez idatzi
halaxe da eta esanda dago guztia

pozik nago udaberria heldu delako
eta besterik ez
kontsolamendu handia baita
ulertu nahi ez duenarentzat
ulertu ahal duenarentzat
ulertzeko beharra duenarentzat
eta hitz hauek ez dute inporta
lore zuriak, lore zuriak...

Argia, Lurra, zuhaitza, zerua
Jon Gerediaga




No hay comentarios:

Publicar un comentario